Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak 12-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu. Konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza eskaintzen dugu, jakitearen paradigmatik erabiltzearen paradigmara jauzi eginez.
Errealitate hurbileko egoeretan kokatzen dugu ikaskuntza, eta ikasleen funtsezko konpetentziak garatzea dugu helburu. Euskal Curriculumean ardazten diren ikas-material propioak baliatzen ditugu.
Ikaslearen errealitate hurbilean kokatzen da ikaskuntza, eta ikas-egoera bakoitzak interesgune jakin bat du ardatz. Ikas-egoera bat aurkezten zaie ikasleei, eta berau ebazteko, hainbat diziplinetako konpetentziak eta funtsezko konpetentziak landu behar dituzte. Bide horretan, sormena eta eztabaida sustatzen ditugu, ikasleen jakin-mina piztuz.
HEDATZE
Ikasleen eskola-ordutegia zabaldu eta eskaintza osagarria egiteko programa da Hedatze. Hain justu, ikasle guztiei eskola-arrakasta erdiesteko bitartekoak eskaintzea du helburu nagusi.
Ikasleek 8:30etatik 14:30etara izaten dute ohiko eskola-jarduna, eta arratsaldeetan bestelako eskaintza dute eskura, irakasle-talde berberak kudeatua: banakako arreta pertsonalizatua jasotzeko errefortzu-eskolak, euskara-errefortzuak, ikasketa-teknikak lantzeko tailerra eta bestelako dinanimak –Ikastolako boleibol-taldea, esaterako–.
IKASKUNTZA KOOPERATIBOA
Darabilgun metodologiak berak taldean aritzeko erronka barnebiltzen du. Lankidetza ezinbesteko bidea da gizarte-eraldaketarako, eta sistemaz aplikatzen dugu.

BARNE-SENDOTASUNA
Nerabezaroa gora-behera handiz beteriko aroa izan ohi da, eta garrantzia handia ematen diogu konfiantza eta autoestimua indartzeko bideei.
EBALUAZIO HEZIGARRIA
Ebaluazioa etengabeko prozesu gisa ulertzen dugu, bitarteko bat baita ikasleen ikaskuntza-prozesua hobetzeko. Baina, nola bihurtzen da ikasle bat bere ikasketa-prozesuaren jabe? Giltza majikoa ez dauka inork, baina gurean hainbat pauta betetzen dugu errealitate horretara gerturatzeko:
- Ikasleei aldez aurretik aurkezten dizkiegu helburuak eta konpetentziak.
- Konpetentzien ebaluazio jarraia aplikatzen dugu.
- Errubrika bidez abaluatzen dugu.
- Ezagutzak eta konpetentziak errubriken bidez ebaluatzen ditugu.
- Ikas-prozesuan zehar, kalitatezko feedback-a ematen diegu, ahoz zein idatziz.
- Askotariko ebaluazio-tresnak baliatzen ditugu: aurkezpenak, talde-lanak, azterketak, ariketak…
- Ikasleak autoebaluatu egiten dira, baita elkarren artean koebaluatu ere.
- Lau lorpen-maila ezartzen ditugu: apala, oinarrizkoa, egokia eta bikaina.
ONKI Programa: Gure Ikasleen Ongizatea eta Barne Indarra Eraikitzen
Gaur egungo gizarte konplexu eta aldakorrak sakoneko erantzunak eskatzen ditu hezkuntzan. Gure gazteen ongizate emozionala, garapen pertsonala eta gizarteratze egokia ez dira helburu soilak, gure eguneroko lanaren ardatz nagusia baizik.
Errreabilitate eta egokitzapen testuinguru honetan, Ikastolen Tutoretza Marko berriarekin bat eginez, ONKI programa jarri dugu martxan: hezkuntza oso, integral eta koherente baten aldeko apustu irmoa.
Elkarbizitzarako eta Konfiantzarako Gune Seguruak
ONKI programa ikasleen barne-sendotasuna bermatzeko tresna indartsu bat da. Gure helburua harreman seguru, osasuntsu eta hurbilekoak jostea da, ikastola babesgune bihurtuz. Horretarako, funtsezko zutabe hauek landuko ditugu egunerokoan:
- Komunitate lotura sendoak: Irakasle, ikasle eta familien arteko elkargune bizi bat sortzen dugu. Hezkuntza guztion artean eraikitzen den konfiantzazko espazioa delako.
- Emozioen kudeaketa eta autoezagutza: Ikasleei beren burua hobeto ulertzeko, emozioak identifikatzeko eta modu orekatuan bideratzeko bideak erakusten dizkiegu.
- Entzute aktiboa eta talde-sentimendua: Elkarri entzuteko kultura sustatzen dugu, ikasle bakoitzak taldearen parte garrantzitsu gisa senti dezan bere burua, elkarbizitza-arauak denon artean adostuz.

Prebentziotik harago, bizitzarako prestakuntza: ONKI ez da soilik eskola-jazarpenari aurre egiteko egitasmo bat. Gure xede nagusia ikasleei tresna sozial eta emozionalak ematea da, etorkizuneko egoera desberdinei aurre hartu, prebenitu eta bizitza bete zein orekatu bat garatu dezaten.


